28 Oct 2019/08 Biztanlekoa eta migrazioa
Biztanlegoa eta migrazioa
Hazparnek 6367 biztanle zituen 2014ean, 6808 ditu gaur egun eta 8500 izanen ditu 2030ean. Ez da dudarik gure herriak bilakaera garrantzitsua bizi duela eta biziko duela. Eta horren adibide dira garatzen ari diren hainbat higiezin proiektu. Arrazoin ezberdinak badira gure herriaren erakargarritasuna esplikatzeko : egoera geografikoa, etxe bizitzen saturazioa eta/edo kostaldeko prezioak. Gaur egungo gehiengoaren estrategia politikoak, harrera denentzat egin dadin kontutan hartu behar du. Hazparne herriaren biztanlegoa aldatuz doa, aberatsa eta anitza da.
Dinamika berri hau, lurraldeak bizi duen mugimendu demografiko orokorrago baten eta atzerriko migrazioaren joan-etorri orokorrago baten testuinguruan kokatzen da.
Migrazioa ez da gai berria Euskal Herrian. Gure historiaren parte da. 2018Ko azaroaren 28ko Kontseilu bilkuran 2500 euroko diru laguntza bozkatu genuen liburu baten argitalpena dituztatzeko. Liburu horrek, XXgarren mende hasieran 15 urteko hazpandar bat nola Mexikora joan zen kontatzen du. Denek dakigu milaka euskaldunek utzi behar izan dutela beren herria miseria, gerla edo gatazka politikoei ihes egiteko. Bizi hobe bat izateko asmoarekin joan ziren, dirua irabazteko asmoarekin. Batzuk beren bizia arriskuan ezarriz joan dira, beste batzuk hondoratu dira eta beste batzuk gogor lan egin behar izan dute beren bidaia ordaindu eta familiako kideak berengana hurbiltzeko. Azkenik, beste batzuk dirua egitea lortu dute.
Zaila da, historiaren parte hau gogoratzean, konparaketarik ez egitea gaur egun gure lurraldera eta gure herrira iristen diren etorkinekin. Beren herritik ihes egiten dute arrazoin berengatik, helburu berekin. Azaroan, diru laguntza bozkatu 2 aste lehenago, bi etorkin atxilotu zituzten Hazparnen eta lurraldetik joatera behartu zituzten. Ohar bat ere ez, hitz bat ere ez herriko etxeko gehiengoaren aldetik ! Hazkurri Bankuaren laguntza kendu zitzaion haur txiki bat zuen familia bati egoitz eskaera ez baitzen bururaino eraman ahal izan, frantseseko klaseak onartzen zaizkie egoera erregularrean diren etorkinei… Paperik gabeko etorkinekin ez ikusiarena egiteak ez ditu ikus ezinak bilakatzen. Gure artean dira eta duintasunean hartu behar ditugu.
Eta azkenik, 250 euroko laguntza bat emana izan zaio « eskuzabaltasunez » Bidekoekin elkarteari.
Gure herriko etxeak koherentea izan behar du eta ezin du migrazioa ezberdinki sustengatu egoera edo interes historiko eta kulturalen arabera. Emigrante edo immigrante giren arabera. Ezin dugu euskal emigrazioaz hunkituak izan eta atzerriko emigrazioari begiak hetsi. Migratzeak nork bere herria, familia eta lagunak uztea erran nahi du, hobeki bizitzeko eta egun batez herrira itzultzeko esperantzarekin. Ezin dugu eragin euskaldunen migrazioa besteenaren gainetik balitz bezala.
Migrazioa gure atzoko, gaurko eta biharko historiaren parte da. Bakoitza eta denak eraikitzen gaitu.
Elkartasun gehiago eta migranteen harrera hobeago bat eskatzen dugu.
Haiek gu gira!