2018/08 Hazparnen bizi

HAZPARNEN BIZI

 

Euskal Herriko kostaldea betea dago ; badu urteak, Lapurdi barneko herriek promotoreen gosea piztu dutela eta etxe eraikuntzarako egitasmoak loratzen direla. Horrek ondoriak daramatza : laborantzako eremuak murriztuz doatzi, lurren eta errenten prezioa goiti…

 

Hazparne kasu berean da egoitzarako proiektu pribatu anitzekin eta biztanle kopuruaren emendatzearekin azken denboretan. Hemendik 2030 urtera 8500 izan behar gintazke .

 

Gehiengoko hautetsiek baimena eman dute PLUari eta  honek gure herria engaiatzen du  hautetsi abertzale gisa onartzen ez dugun garapen logika batean erran nahi baitu  biztanle kopuruari  gaina ematen dion logika bat, bizi kalitatea bigarren mailako zerbait balitz bezala. PLU horren kontra bozkatu dugu : ez gira garapenaren kontra bainan bai herriko etxeko gehiengoak osatu digun anarkiko eta luzara begiradarik gabeko PLU horren kontra.

 

Jakina da jendearen kopurua goiti doalarik  gizarte lotura murriztuz doala . Ez dugu nahi gure herria ’ohetegi-herria’bilaka dadin eta ez dugu gure etorkizuna aurreikusteko asmorik behar-beharrezkoak diren elgar-bizitza, jendarte ona edo laguntasunarik gabe.

 

Gizaki eta lurraldearen arteko etengabeko elgarrekintza baten fruitua da gizartea. Gure herria osatzen duten arlo desberdinen beharren artean  oreka zuzen bat  aurkitu behar dugu. Egiazko herri politika batek bere biztanleriaren garapen koerente eta harmoniadun bati dagokion ingurumen egokia sortu behar du.

.

Hots, zer ikusten dugu ? Eskasean bizi direnen etxebizitza beharrei erantzuteko ezintasuna ,  (% 6 dira eskaintzen diren etxebizitza  sozialak  legeak %20 inposatzen dituelarik jakinez biztanlearen %75ak etxebizitza sozial baten eskubidea lukela), prekaritatea haundituz doa, egoitza pribatuak zaharkituak , komertzio eskazia (%13 hetsiak), merkatuak doi-doia bizi…

 

Herriko bozak bi urtetarat direlarik eta  azken hauteskunde kanpainan hitzeman zuen bezala, Hazparneko auzapezak herri barnearen berrantolaketaren xantierra abiatzen du. Ordu zen ! Bainan zer baldintzetan? zein gogoeta egin dira atzinetik hautetsien artean komertzioari, ekonomiari, herritarren beharrei, laborantzari… buruz ? Bat ere ez !

 

Gaur egun, hautetsier dagokie estrategia politiko bat eraikitzea, anbiziotsua, koherentea, gure herri espazioa berreskuratzeko eta herritarrak , komertsantak, laborariak… laguntzeko bereziki bi galdera hauei erantzuteko xedearekin : Zoin da biztanleei eskaini nahi diegun lekua ? eta zoin dira herri barnearen eginkizunak ?

 

Hautetsiz osatuak diren herriko batzordeak badaude eta ordu da lanean has diten ! Proposamen  indar bat lirateke baina hortarako ahalmen eta dinamika eman behar zaizkie beharrak aztertzeko, iradokizunak egiteko edota hobekuntzak proposatzeko… Urrun gaude !

 

 

Egon gaitezen erne eta argi gure herria  eta bere bizi kalitatea  zaintzeko berantegi izan aitzin !