27 Aug 2015/09 Herriko diru laguntzak
Herriko diru laguntzak
Elkarteentzako diru laguntzen esleipenari buruzko bi herri kontseiluetan, besteak beste, Herritarrekin taldeko hiru hautetsiek (Anaiz Funosas, Guillaume Elizondo eta Martine Etxezaharreta) abstenitu dira. Hazparneko Herriko Etxeak, elkarteei zuzenduriko jakinarazpenean, oposizioak diru laguntza ez duela bozkatu azpimarratzen du.
Baitezpadakoa zaigu, gaur egun, hazpandarrei bozka honen zergatia azaltzea.
Elkarteen ekarpena gure herriaren kultura, sozial, ekonomia edo kirol arloen garapenean ukaezina da eta funtsezkoa. Laguntzaileen engaiamendua, beren jeinua, gure kulturaren aldeko beren promozio, formakuntza eta ekimeneko gaitasuna, gazte eta ez hain gazteen ardura, trukaketak, pasio amankomunen partekazea sostengatu eta sustatu behar diren hainbat balore dira.
Oposizioak ez du sekulan diru laguntzei oposatu nahi izan. Kasua izan baldin bazen, hiru hautetsiek kontra bozkatuko zuketen, eta ez dute horrela jokatu. Abstenitu dira, gaur egun baliatua den banaketa metodoari buruz dituzten galde eta dudak adierazteko.
Izan ere, aurten, ohartu gara :
– Batzordeetan ez dela ez eta diru laguntza bat ere jorratua; batzordeetako partaideak, aurretik erabakia izan den diru zama bati buruz beren iritzia emaitera gomitatuak dira.
– Diru laguntza bat jaso duten elkarteen %30-ak ez du diru laguntza batentzako eskaerarik egin. Eta arrazoinez, Herriko Etxeak diru laguntza anitz ahoz oparitzen baitizkie elkarteen biltzar nagusietan! Beraz, zertako eskaera bat aurkeztu!
– Ezohiko diru laguntzen zenbatekoak goratze azkar bat ezagutzen du (3700 € 2014an, eta 13355 € 2015ean). Halabeharrezko emendaketa? Epaile uzten zaitugu !
2014ko azaroaren 17ko herriko kontseiluan, damutu ginen diru laguntza batzuen berritze automatikoaz, eta gai horri buruzko eztabaida eskasaz lan batzordeetan. Auzapez jaunak, orduan, ahal bezain objektiboena xede zuen diru laguntzen banatze taula baten inguruan lan egitea gomitatu zuen batzorde bakoitza.
Herriko diru laguntzen banaketarako hausnarketa oinarri bat aurkeztu genuen orduan, baita metodologia bat ere, lan batzordeetan, elgarrekin, elkarteei eskainitako diru laguntzen zenbatekoen kalkuluan kondutan hartzeko irizpide zerrenda bat pentsatzeko eta finkatzeko (200.000 € gutti gora behera 2014an).
Gure proposamenak helburu bakar bat zuen, elgarrekin lan egitea ber jarduera alorreko elkarteen arteko tratamendu berdintasuna segurtatzea, faboritismoa saihestea, eta diru publikoaren erabilpen egokia segurtatzea gardentasun osoan, alderdikoikeririk gabe. Honi, gehiengoak erantzuten digu : “zuen proposamena aurkezten ahal duzue, baina gisa guziz ez du deus aldatuko”, “elgarrekin lan egitea, denbora galtzea da”, “egiten duzuen gauza bakarra, edonun egiten dena kopiatzea da”, “diru laguntzen zenbatekoa, zenbateko arras ahula da, herriaren aurrekontuari konparatuz”, “oraingo ibilmoldea nire gehinegoari komeni zaio”.
Gure hausnarketa eta desmartxa amankomun horren proposamenaren parean, Auzapez jaunak proposamen zifratu eta burutu bat galdatzen digu! Erantzun hau gutietsi baizik ezin dezakegu, zeren horrelako desmartxa batek erran nahiko luke gure elkarteen heziketa eta sozial arloko betebeharra diru zama soil bati apalduko genukela.
Hazpandarren interes orokorraren alde lan egitera engaiatu gara, eta abstenzio honen bidez, gure hitza atxiki dugu. Ez ote dea guztion interesan, garen zerga ordaintzaileen dirua nora doan jakitea ?